(Lezo, 2000) Abeslaria eta sortzailea. Txikitatik izan du musika eta arte eszenikoekiko pasioa, eta horregatik, Arte Dramatikoko ikasketak amaitzen ari da gaur egun Dantzertin. 2019an, euskal kanten bertsioak igotzen hasi zen sare sozialetara, eta aldi berean, bakarkako kontzertu akustikoak emateari ere ekin zion. 2021ean, bere lehen diskoa atera zuen, Killasisa izenekoa, AME Estudioan grabatu zuena Iker Laurobaren laguntzarekin. Disko horri esker, hainbat kontzertu eman ditu batez ere bakarka, horien artean azpimarratu daitezke 2021an Durangoko Azokaren barruan, Ahotsenean, edo 2022ko irailean, Errenteriako Atlantikaldian emandakoak. Gaur egun, interes handia dauka musika eta antzerkiaren arteko loturaren esplorazioan, eta hau landu du bigarren diskoko abestietan. Bestalde, beldurraren gaia buruan dantzan eduki du denbora luzez, eta hori hartu du ardatz bere bigarren diskoa sortzeko, Beldurrarekin dantzan izena hartu duena. Honen konponketetan, Pablo Novoa aritu da, eta ekoizpenean Haritz Harreguy.